sábado, junho 29, 2013

29-06-2013 14_16_14

Lagun batek zioen festa bat hasteko erarik egokiena eta ederrena musika banda batekin zela. Eta halaxe hasi zen Errioxako Ezcaray herrian La Antigua Herrería Nazioarteko Ipuin Jaialdia. Hasiera dotorea bezain alaia. Herrian barrena itzulia egin ondoren La Real Fábrica albergeko lehioetatik jaialdiko kontalalariek ipuin bana eskaini zieten plazan bildutakoei. Portugaleko Luis Carmelok, soinu txikiaren laguntzaz sehaska kanta ederra abestu zuen. Ipuinak ametsen munduetara eramaten omen gaituzte, eta ametsen munduan sartzeko bidea jartzen digute txikitan sehaska kantek. Haurra ahots leunaren kulunkan pixkanaka, betazalen pisuak hartuta, loaren besoetan hartuko du babes, ametsen lurraldean abiatzeko. Kontalari portugaldarrak kontaketa jaialdiari bere ahotsa eskainiz, fantastikaren bidaian sartzeko gonbitea egin zuen. Ametsen lurralde liluragarrietan.
Ezcarayko antzokian jarraitu zuen hitzaren festak. Pep Bruno, Carles Garcia, Edu Saénz de Cabezón eta Joxemari Carrere kontalarien istorioek fantastikaren bideetan lagundu zuten publikoa, Triojanos taldearen herri musikaren laguntzaz.
Etenik gabeko jaialdi honek Azárrulla herrian jarraitu zuen bidea, La Antigua Ferrería hotelean ipuin afaria ospatuz. Luis Carmelok eta La Compañía del Patiok afaloste samurra eskaini zuten, kontakizunaren alde poetikoarekin afaltiarrak liluratuz. Eta gau festarik gabe ezin eguna behar den moduan amaitu, beraz, Ezcarayko La Cantina tabernan ipuinak eta tragoak maridaje bikaina lou zuten. Ipuin biziak, lotsabakoak, tabernazaleak, publikoa gauzalearen irriak eta barne grinak azalarazteko modukoak.
Hasi da kontaketaren festa Errioxako mendialdean, eta inguruak, haur lotiaren gisa, hitzetan kulunkatuz liluraren lurraldea bilakatu dira.   


I blog with BE Write