quarta-feira, maio 02, 2018

ZUZENTASUNA

Kontu zaharrak kontatzen aritzean beti zalantza eta kezka dator burura, tradiziotik heldu zaizkigun ipuin horiek egokiak ote diren egungo garaiotako. Hain modan dagoen “politikoki zuzena” izan behar ote garenaren kezka. Ipuin tradizionalak asko kritikatu izan dira bere baitan duten moral eta harreman ereduagatik, emakumeek jokatzen duten paperaz, boteretsuen goraipamenak, eta antzeko argudioekin. Maiz eztabaidatu izan dut honen gainean, eta maiz ohartu naiz herri ipuinen gainean dagoen ezjakintasuna. Kritikarako erabili ohi diren ipuin ereduak, hiruzpalau izaten dira eta, normalean, Disney faktoriak egindako bertsioak. Horrek ezinbestez baldintzatuko du istorio tradizionalen gainean dagoen iritzia eta jardun bidea. Kontakizun tradizionalen mundua arras anitza eta zabala da. Munduan diren eta izan diren komunitate humano guztietan kontatu dira eta kontatzen dira ipuinak, eta komunitate horren kezka eta gogoetak islatzen dira, jendarte horren garaian garaiko bizimoduaren erakusle izanik. Ipuinok, idatziz baino, ahoz aho pasa izan dira belaunaldiz belaunaldi, alegia, ipuina bezain garrantzitsua kontalaria bera dugula. Eta hemen dago gakoa, izan ere kontalariaren aldetik etorriko da ipuinari eman nahi zaion arrazoia, kontalaria da istorioaz gain, bizi duen jendarteaz gogoeta egin beharko duena, eta horrek emango dio ipuinari dagokion arrazoia.

Kontu zaharrak, politikoki zuzenak diren edo ez, ez da ipuinen arazoa, kontalariarena baizik. Eta zuzentasuna sormenaren etsairik handiena dugu.

Sem comentários: